Logo Hegoa
Portada Txostena 2024

Txostena 2024

Hegoa, Bilbao, 2025
  • 27
  • 8

Laburpena

Memoria honek laburbiltzen ditu Hegoa Institutuak 2024an egindako prestakuntza, ikerketa, unibertsitate-hedapen eta aholkularitzako jarduera nagusiak.

Graduondoko prestakuntza-jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: bi master ofizial (Garapena eta Nazioarteko Lankidetza, eta Globalizazioa eta Garapena), berezko master bat (Nazioarteko Lankidetzan eta Hezkuntza Askatzailea) eta doktorego-programa bat (Garapenari buruzko Ikasketak). Eskaintza zabal horri esker, garapenaren eta nazioarteko lankidetzaren esparruko ikasketak eta lanbide-espezializazioa indartu egin dira duela hamarkada batzuetatik hona, eta Hegoan trebatutako pertsonak –jatorri desberdinetakoak– sektore horrekin lotutako hainbat entitatetan sartzea lortu da. 2024an, gaiak garatzeaz gain, mintegi osagarri ugari egin ditugu, eta harremana estutu dugu gure ikasleek curriculumeko zein curriculumetik kanpoko praktikak egiten dituzten hainbat antolakunderekin.

Era berean, tailer, topaketa, jardunaldi eta mintegi ugari sustatu ditugu EAEn eta beste herrialde batzuetan, eta ekintza horietan hainbat subjekturekin aritu gara lankidetzan: EHUko eta Espainiako eta Latinoamerikako beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta ikasleak, kolektibo feministak, giza eskubideen aldeko antolakundeak, emakume erbesteratuen eta migratzaileen kolektiboak, nekazarien eta indigenen antolakundeak, etab.

Memoria honek laburbiltzen ditu Hegoa Institutuak 2024an egindako prestakuntza, ikerketa, unibertsitate-hedapen eta aholkularitzako jarduera nagusiak. Graduondoko prestakuntza-jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: bi master ofizial (Garapena eta Nazioarteko Lankidetza, eta Globalizazioa eta Garapena), berezko master bat (Nazioarteko Lankidetzan eta Hezkuntza Askatzailea) eta doktorego-programa bat (Garapenari buruzko Ikasketak). Eskaintza zabal horri esker, garapenaren eta nazioarteko lankidetzaren esparruko ikasketak eta lanbide-espezializazioa indartu egin dira duela hamarkada batzuetatik hona, eta Hegoan trebatutako pertsonak –jatorri desberdinetakoak– sektore horrekin lotutako hainbat entitatetan sartzea lortu da. 2024an, gaiak garatzeaz gain, mintegi osagarri ugari egin ditugu, eta harremana estutu dugu gure ikasleek curriculumeko zein curriculumetik kanpoko praktikak egiten dituzten hainbat antolakunderekin. Era berean, tailer, topaketa, jardunaldi eta mintegi ugari sustatu ditugu EAEn eta beste herrialde batzuetan, eta ekintza horietan hainbat subjekturekin aritu gara lankidetzan: EHUko eta Espainiako eta Latinoamerikako beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta ikasleak, kolektibo feministak, giza eskubideen aldeko antolakundeak, emakume erbesteratuen eta migratzaileen kolektiboak, nekazarien eta indigenen antolakundeak, etab.

Bultzatutako talde eta proiektuen esparruan egindako ikerketa-jardueraren ondorioz, 2024an institutuari atxikitako irakasle eta ikertzaileek eta lantaldeak liburuak, liburu-kapituluak, artikuluak, ikerketa-txostenak eta dibulgazio-materialak argitaratu dituzte. Halaber, ale berriak dituzte institutuaren aldizkako lau argitalpenek: Lan-Koadernoak; Hegoak Zabalduz; Hariak. Hezkuntza emantzipatzailea birsortzen, eta Boletín de Recursos de Información.

Aholkularitza-jardueren artean, 2024an, Hegoak zerbitzuak eman dizkie Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundietako eta EAEko zenbait udaletako (Basauri, Eibar, Ermua eta Ordizia) nazioarteko lankidetzako arloei, proiektuen ebaluazio- eta jarraipen-lanetan, prestakuntzetan, ekimenen mapaketetan eta abar. EAEtik kanpo, aurten aholkularitza eman diegu Balear Uharteetako Gobernuko Lankidetza eta Immigrazioko Zuzendaritza Nagusiari eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Lankidetza Ministerioari.

Azkenik, baina ez hutsalenik, institutuaren beste jarduketa-eremu finkatu bat garapen eta nazioarteko lankidetzako gaietan espezializatutako informazio eta dokumentazio zerbitzuen eskaintza da. Hegoako Dokumentazio Zentroak –2024ko abenduaren 31n, 22.185 erregistro kontabilizatu ziren– baliabide fisiko eta digital ugari eskaintzen ditu aztergai dugun eremuko irakaskuntza, ikerketa eta aholkularitzarako. 2024an, Dokumentazio Zentroaren Liburutegi Digitalean online egindako irakurraldietan, 3.442.764 PDF deskargatu ziren, munduko hainbat lekutatik. Hortaz, halako baliabideen eskari handia dago, eta horri erantzuten jarraitzen dugu Dokumentazio Zentroaren eta beste informazio- eta dokumentazio-zerbitzu batzuen bidez.

Irantzu Mendia Azkue
Hegoako zuzendaria

Gako-hitzak