
- 135
- 19
Memoria honetan Hegoa Institutuak 2023an zehar egindako jarduera nagusiak laburbiltzen dira.
UPV/EHUko prestakuntzaren arloan, Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Master Ofizialaren, Globalizazioa eta Garapena Master Ofizialaren, eta Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Askatzailea berezko Masterraren edizio berriak egin ditugu. Lehenengo biak aurrez aurrekoak dira eta hirugarrena online. Horiez gain, Garapenari buruzko Ikasketak Doktorego Programa dugu, 85 tesi matrikulatuta dituena. Beraz, prestakuntza eskaintza zabala da, eta horren bitartez Hegoak Garapenari buruzko Ikasketan laguntzen du goi-mailako hezkuntzan eta nazioarteko lankidetzaren sektoreko adituen prestakuntzan.
Ikerketa ere Hegoaren jarduera nagusietako bat da. Horretan, garapeneko eta lankidetzako politika publikoei, ekonomia sozial eta solidarioari, bake ikasketei, gatazkei eta giza eskubideei eta gizarte eraldaketarako hezkuntzari buruzko ildoak lantzen ditu. 2023an, Giza Segurtasunari, Tokiko Giza Garapenari eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Ikerketa Taldeak eta Garapenerako era Nazioarteko Lankidetzarako Politiken Koherentziari buruzko Ikerketa Taldeak beren lanarekin jarraitu dute. Talde horiek Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren aintzatespena eta laguntza dute 2022-2025 aldirako. Talde bietako kideek beste unibertsitate, erakunde eta GGKE batzuek antolatutako biltzarretan, hitzaldietan, tailerretan eta mintegietan parte hartu dute, eta beren ikerketen emaitzak hainbat formatutan argitaratu dituzte.
2023an, Institutuaren argitalpenak ere indartu ditugu. Hala, Lan Koadernoak aldizkariaren hiru ale, Hegoak Zabalduz aldizkariaren sei ale (denak euskaraz) eta Hariak, Recreando la educación emancipadora aldizkariaren bi ale argitaratu ditugu.
Hegoako lantaldeak eta Institutuari atxikitako UPV/EHUko irakasleek eta ikertzaileek ikerketa, prestakuntza eta aholkularitza jarduerak egin dituzte beste herrialde batzuetako unibertsitateekin eta gizarte erakundeekin aliantzan, batez ere Latinoamerikakoekin. Esate baterako, Kolonbian, Seminario Internacional: Retos y desafíos de las economías feministas mintegia egin dugu, eta Seminario internacional sobre transiciones ecosociales, Ekuadorreko, Peruko, Boliviako eta Kolonbiako unibertsitate eta gizarte erakundeekin. Erdialdeko Amerikan Encuentro Colaborativo sobre el acceso a la justicia en casos de violencia sexual en conflictos armados topaketa egin dugu El Salvadorreko, Guatemalako eta Honduraseko giza eskubideen erakundeekin eta erakunde feministekin. Mendebaldeko Saharan, aldiz, Hegoaren lana Marokok egindako giza eskubideen urraketak ikertzera eta salatzera bideratu da. Hala, adibidez, Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) txostenean oinarritutako Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentala estreinatu eta proiektatu dugu.
Euskadin, transferentzia jarduerak bultzatu ditugu, unibertsitateak gizarte eraldaketan duen eginkizunaren azterketa kritikoa sustatzeko, hala nola EmantzipAkzioa: beste mundu posible batzuetarako teoria eta praktika kritikoak online ikastaroaren bigarren edizioa eta Diversidad entre sujetos, territorios y luchas en la acción educativa: articulaciones para la transformación social jardunaldiak, edota Unibertsitate Kritiko Eraldatzailea Topaketa. Halaber, Kolonbiako Egiaren Batzordearen Azken Txostenaren (Informe Final de la Comisión para el Esclarecimiento de la Verdad, la Convivencia y la No Repetición de Colombia) gomendioen inplementazioa lagundu dugu.
2023an, Hegoak nazioarteko lankidetzaren arloko aholkularitza-zerbitzuak eskaini dizkie hainbat erakunderi, hala nola Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiei eta zenbait Udali. Ildo horretan, Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria kudeatzen dugu. Ataria harmonizazio eta gardentasun tresna bat da eta, horretan, zortzi euskal erakundek parte hartzen dute. Memoria honetan laburbiltzen den jarduera sustatzeko, Hegoa Institutuak funtsezko tresna bat du, Dokumentazio Zentroa (CDOC), alegia. Hura, Garapenari eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Ikasketetan espezializatuta dago, eta urte amaieran 21.885 erregistro zituen. Hegoaren Liburutegi Digitalak Dokumentazio Zentroaren erregistroei buruzko informazioa jasotzen du. Erregistro horien % 20 formatu digitalean daude, horiek eskuratzea errazteko asmoz. Liburutegi Digitalaren online banaketari dagokionez, 2023an 2.594.800 deskarga izan ziren PDF formatuan. Baliabide horri egindako bisita eta deskarga kopuruak erakusten du, alde batetik, Hegoaren lanaren dinamismoa eta, bestetik, lantzen ditugun gaien inguruan unibertsitate komunitateak eta, oro har, herritarrek duten interesa.
Irantzu Mendia Azkue
Hegoako zuzendaria