Logo Hegoa
Portada Txostena 2025

Txostena 2025

Hegoa, Bilbo, 2026
  • 169
  • 49

Laburpena

Memoria honetan Hegoa Institutuak 2025ean zehar egindako prestakuntzako, ikerketako, unibertsitate-hedapeneko eta aholkularitzako jarduera nagusiak laburbilduko ditugu.

Urte horretan, Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterraren, Globalizazioa eta Garapena Masterraren eta Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Askatzailea (online) Masterraren edizio berriak egin ditugu. Horiek graduondoko prestakuntza espezializatua dira, eta, graduondokoaren arabera, prestakuntza horrek curriculumeko edo curriculumaz kanpoko izaera du. Gainera, aurten, master horien jarduera osagarrien kopurua hazi da, hain zuzen ere, nazioarteko lankidetzarekin lotura duten beste erakunde batzuen lankidetzari esker antolatutako jardunaldi eta mintegien bitartez.

Prestakuntza eskaintza hori Garapenari buruzko Ikasketak Doktorego Programarekin osatzen da. Hegoak koordinatutako programa horretan GEZKI Institutuak, Ekonomia Aplikatua, Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak eta Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila Sailak ere parte hartzen dute. 2025ean, 80 tesi matrikulatu dira, horietatik, 19 lehen aldiz; eta Hegoako irakasle eta ikertzaileek zuzendutako eta Institutuko eremu akademikoan garatutako lau tesiren defentsa egin da. Masterren kasuan bezalaxe, prestakuntzako mintegi osagarriak eta tesien aurrerapenen aurkezpenak sustatu ditugu.

Ikerketaren arloan, Hegoako lantaldea eta Institutuari atxikitako irakasle-ikertzaileak – baita Estatuko zein Latinoamerikako beste unibertsitate batzuetakoak ere– elkartzen dituzten taldeen eta proiektuen inguruan antolatu da gure jarduera. Esate baterako, Giza Segurtasunari, Tokiko Giza Garapenari eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Taldea dugu, Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena duena (2022-2025). Taldeak honako ildo hauek landu ditu: Tokiko giza garapena, lurraldea eta instituzionaltasuna; Tokiko trantsizio ekosozialak eta ekonomia sozial eta solidarioa; Gatazkei, bakeari eta segurtasunari buruzko ikasketa kritikoak; eta Feminismoak, gatazkak eta giza eskubideak. Beste alde batetik, Garapenerako eta Nazioarteko Lankidetza Politiken Koherentziari buruzko Taldeak EHUren aintzatespena du (2022-2025). Taldeak honako ildo hauek landu ditu: 2030 Agenda eta GIHak; erakunde deszentralizatuen eta unibertsitatearen eginkizuna lankidetzaren arloan; eta elikadura burujabetza. Gainera, Euskal Lankidetza Publikoaren Atariaren funtzionamenduan lagundu du.

Hegoaren proiektuei dagokienez, 2025ean hainbat gai landu dituzte, hala nola birlurralderatzea eta interkooperazioa Caucan bakea eraikitzeko (Kolonbia); Ekonomia Sozial eta Solidarioaren tokiko ekosistemak eta horiek Andeetako trantsizio ekosozialei egiten dizkieten ekarpenak (Peru, Ekuador, Kolonbia, Bolivia); Kolonbiako erbesteratuen eta Mendebaldeko Saharako biztanleen giza eskubideen urraketen biktimei zuzendutako bidelaguntza; Kolonbiako Egiaren Batzordeak bakearen eraikuntzari egindako ekarpenak; giza eskubideen defentsarako diskurtso eta praktika feministak; sahararren memoria eta erresistentzia Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketen aurrean; eta unibertsitatearen eginkizuna eraldaketa ekosozial eta ekofeminista baterako ezagutza eta ekintza kritikoa sortzeko. Proiektu horietarako, bada, honako erakunde hauen diru-laguntza izan dugu: Eusko Jaurlaritza (eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, eta Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritza), Euskal Fondoa – Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia (AECID), etaZientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa (MICIU).

Proiektu horietan guztietan, ikerketa-jarduerak txosten, komunikazio eta argitalpen ugari ekarri ditu aipatutako gaien inguruan. Baina, horretaz gain, unibertsitate hedakuntzako eta gizartea kontzientziatzeko ekintza ugari egin ditugu (mintegiak, jardunaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, etab.), Euskadin, Espainiako Estatuan eta Latinoamerikan; horietako asko pertsona, erakunde eta unibertsitate aliatuen laguntzaz.

Hegoak egindako aholkularitza-lanek beste kapitulu garrantzitsu bat osatzen dute. 2025ean, nazioarteko lankidetzako zerbitzuak eman dizkiegu Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, baita Basauriko, Eibarko, Ermuko, Ordiziako eta Getxoko udalei ere. Zerbitzu horien artean izan dira, kasuaren arabera, diru-laguntza deialdietara aurkeztutako proiektuen ebaluazioa, onartutako proiektuen jarraipena, araudiari eta plangintza estrategikoari buruzko orientazioa, eta deialdietan parte hartu duten erakundeen prestakuntza.

Institutuaren funtsezko eremuetako beste bat Dokumentazio Zentroa (CDOC) da, garapenaren eta nazioarteko lankidetzaren gaian espezializatutako informazio eta dokumentazio zerbitzuak eskaintzen dituen eremu gisa. CDOCek aurrez aurreko kontsulta eta mailegu zerbitzuak eskaintzen jarraitu du, irakasleentzat, ikasleentzat eta beste edonorentzat ere. Gainera, zentroak Liburutegi Digitala du, urte amaieran 22.500 erregistro zituena, gaztelaniaz gehienak, euskaraz gero eta gehiago, eta ingelesez, frantsesez eta arabieraz ere bai. Informazio digitaleko zerbitzuen artean, Hegoaren argitalpenen webgunea, multimedia eremua, hemeroteka eta zenbait atari tematiko daude.

Amaitzeko, egindako guztiarekin batera, Hegoak Erakunde Aldaketa Feministarako Ekintza Plana (2023-2026) inplementatzen jarraitu du, Institutuko Barne Talde Feministak lideratuta. Horretarako, bada, neurri zehatz berriak hartu ditugu. Prozesuak gure antolakuntza kulturan eta jardunbidean ikuspegi kritiko feminista txertatzeko erronka ekarri digu.

Irantzu Mendia Azkue
Hegoako zuzendaria


Gako-hitzak